XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Langileen bizimodua eraman-ezina izanik, industriako eskualdeetan nazio-arazoa bigarren maila batera pasa zan, eta aleman imigrazioa ugaria izan.

Abertzaleen oinarria Txekoslobakia-ko nekazarien artera bildu zan.

Abertzale intelektualik gehien gehienak XIX-garren mende osoan barrena, azkeneko urteetan izan ezik, baserriko seme izan ziran, eta gutxitan kaletar.

Kaletarrak eta industria-langileak alemaneraz mintzo ziran, burgesak eta aiton-semeak bezelaxe; eta unibertsalista ziran.

Fenomenu berbera Eslobakian: antzinako eslobakiatar aiton-semeak guztiz magyar-tartuta zeuden dio Prokes-ek.

1820 aldean, esate baterako, hau zan giroa Prokes berberak dionez: Hirietan arlotekeri-sinaletzat hartua zan txekeraz egitea: gizartean txekeraz mintzatzea gaizki ikusia zan arrunt.

Praga-n ez zegoen txekera entzuterik XIX-garren mendeko erdi-aldean, alemanera guztiz nagusitua baitzan.

Kafka-k berak alemaneraz idatzi zuen dana askoz beranduago, XX-garren mendean!.

XIX-gn. mendean Praga-ko Parlamentoan, eztabaidak eta izkribuak oro, alemaneraz egiten ziran.

Tradizioari eutsi nahiz hasierako hitzaldi bakar bat txekeraz egiten zan sarrera gisa; baina deputaturik gehienek ez zuten deusik ulertzen, eta bigarren hitzalditik beretik azken-urreneraino alemaneraz egiten zan dana.

Bukatzerakoan, berriz ere, hitz batzuk esaten ziran txekeraz, eta kitto.

Folklorea nagusi Praga-ko Parlamentoan bertan!.

Abertzaleek berek hastapenetan, alemaneraz idazten zituzten beren liburuak (edo latiñez!) eta eskoletan alemaneraz ikasiak baitziran, alemaneraz aixago mintzatu ohi ziran txekeraz baino, abertzaletasuna eta zapaltzailearen hizkuntza batera hedatuz.

XIX-garren mendeko hasieran, Txekoslobakia-z kezkatzen ziran idazle guziak alemaneraz eta latinez egiten zuten txekeraren aldeko lana!.

Palacky abertzaleak berak alemaneraz hasi zuen bere Kondaira nagusia... 1836-ean, lehenengo txekerazko Katadera Unibertsidadean sortuta 43 urtetara!.

Baina 1848-an, itxaropen apur bat izaten hasirik, txekeraz jarraitzea erabaki zuen; eta lehendabiziko alea txekeratu, eta urrengo guziak ere txekera hutsez argitara zituen.

Palacky-ren inguruko abertzale-belaun berriak uste zuenez, nazioaren ezagugarri nagusia txekera da; bainan aiton-semeek, hain zuzen, arlotetzat eta gainditutzat ematen dute...

Hortaz, txekotar pizkundea hizkuntzaren pizkundea da. (Histoire tchécoslovaque, Prokes, 277).

Giroaren neurri bat emateko, Safarik-en pasadizua azalduko dugu hitz gutxitan.

Eslabitar antzinaldia liburua 1833-an bukatu zuelarik, argitaratzeko deliberoa hartu zuen.

Bere buruz argitaratzerik ez zuen, Safarik bizi guzian sosik gabe ibili zan-eta.

Argitaratzaile baten bila abiatu zan Praga-n, Brno-n, Bratislaba-n; eta ez zuen bat ere aurkitu.